XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Halakorik entzun beharra!- erantzun zion maisuak kiskalduta.

- Dema egin nahi al duzu? - Nik ez diat kallurik oinetan eta hoa aguro neure begien aurretik.

- Baldin honetara etortzen bahaiz eskolara hobe huke batere ez etorri.

- Egin dezagun hogei duroko bat, maisu jauna.

- Neure ikaslagun guztiak kalluak dituzulakoan daude eta nire dema jasotzen ez baduzu, denek gezurtitzat joko zaituzte.

Maisuak mutilaren arrazoi hauek entzun zituenean eta batez ere hogei duroko bat eskuratzeko aukera zetorkiola somaturik (goseak estutzen baitzituzten garai batean eskola-maisurik gehienak), esan zion apurtxo bat baretuxe: - Galdu nahi baduk, atera ezak hogei duroko hori.

Beñatek atera zuen osabak arestian aurreratutako ogerlekoa eta maisuak atera zuen poltsikotik berea.

- Erakuts orain zure oinak, ea nork duen arrazoi.

Maisuak kendu zituen oinetakoak eta une berberan Beñatek hotsegin zion osabari: - Zatoz, osaba, zatoz aguro!.

Ilobak oihu egin orduko, han zen gure Xeledonio, maisua oinutsik ikusteko irrikitzen.

Ikasleen farrak eta algarak, maisua, arrotz baten aurrean itxura farragarri hartan ikusi zutenean!.

Aldi bateko festa izan zuten maisua zela eta ez zela!.

Irakasle gizarajoak lotsa gorritan alde egin behar izan zuen zapalak eskuetan zituela bere ikasleen algara etengabeei ihesi.